|
Gizakiak
denbora neurtzeko erabili izan dituen sistemak eta unitateak fenomeno
astronomikoen ondorio zuzena dira. Astroen higidura periodikoa dela medio,
kosmosak Lurraren eta lurtarron bizitza arautu egiten du. Beraz, landareen
eta animalien bizi-zikloak higidura horietara egokitzea ezin liteke halabeharraren
ondoriotzat har.
Gizakiak denbora neurtzeko
erabili izan dituen sistemak eta unitateak fenomeno astronomikoen ondorio
zuzena dira. Astroen higidura periodikoa dela medio, kosmosak Lurraren
eta lurtarron bizitza arautu egiten du. Beraz, landareen eta animalien
bizi-zikloak higidura horietara egokitzea ezin liteke halabeharraren ondoriotzat
har. Horrela, denbora neurtzeko erabiltzen ditugun bi unitate nagusiak,
urtea eta eguna, Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen higidurarekin
eta planetaren errotazioarekin lotuta daude, periodo horiek zehatzak ez
diren arren.
Urtea Lurrak Eguzkiaren
inguruan bira osoa emateko behar duen denbora-unitatea da. Sistematik
kanpo dauden objektuak izarrak esaterako erreferentziatzat
hartuz, bizitzaren erritmoa arautzen duten urtaroak sortzen dira. Prezesio
higiduraren eraginez, ordea, Lurraren ardatzaren inklinazioa aldatuz doa,
26.000 urtetik behin, ziba bat bailitza, zirkulua eratzen duelarik. Horren
ondorioz, urtaroak ere aldatuz doaz eta gaur egun erabiltzen dugun eredua
urte tropikala edo legeak agintzen duena izaki, izarren higidurarekiko
neurtzen den urte siderala baino zertxobait laburragoa da, 21 minutu eta
27 segundu laburrago hain zuzen ere.
Lurraren errotazio-higidura
23 ordu eta 56 minutukoa da. Tarte horretan, bestalde, Lurra bere orbitaren
inguruan biraka ari da eta 4 minutu gehitzen zaizko Eguzkiarekiko duen
posizioa egonkorra izan dadin. Horrela sortzen da 24 ordutako higidura,
hau da, eguna. Alabaina, translazioaren abiadura beti berdina ez delako
eta Lurraren ardatza okertuta dagoelako, gaineratzen diren 4 minutu horiek
engainagarriak izan daitezke. Eguzki egunak, hau da, Eguzkia hegoaldera
begira dagoelarik posizio horretara itzultzen den arteko denbora-unitateak,
ez du beti iraupen bera izaten. Horren ondorioz, eguzki-ordua eta normalean
erabiltzen dugun batezbesteko ordua elkarrengandik urrundu egiten dira.
Aldentze horren kontrola eguzki-ekuazioa delakoaren bidez egin daiteke.

Eguzki-erlojuen
jatorria
Arestian esan bezala,
Eguzkiaren eta Lurraren posizio erlatiboak data eta ordua finkatzen ditu.
Parametro horiek, beraz, Eguzkiak horizontean zehazten duen itxurazko
ibilbidearen bidez zehaz daitezke. Higidura horren adierazgarri dira objektuek
sortzen dituzten itzalak eta horretarako erabili izan dira antzinako kulturatan.
Egipton, esaterako, obesliko batek sortzen zuen itzala erabiltzen zuten
data jakiteko eta orduak finkatzeko.
VII. mendeaz geroztik,
bestalde, monasteriotan ere eguzkiaz baliatu izan ziren: monasterioko
hegoaldeko horman makila perpendikular bat ipintzen zuten otoitzerako
ordu kanonikoak finkatzeko.
Edonola ere, makila
bertikal eta horizontal batek sortzen duten itzala ez da orduak finkatzeko
metodorik seguruena, dataren arabera itzal hori aldatu egiten baita. Hori
horrela izanik, orduen iraupena desberdina zen urtaro bakoitzean.
Arazo hori konpontzeko
lehen urratsak arabiarrek eman zituzten XIII. mendean lehen aldiz makila
edo gnomona okertuta ipini zutenean. Makilaren inklinazioak plano horizontalarekin
duen angelua tokiko latitudearen neurrikoa izan behar du eta plano horizontala
Lurraren ardatzarekiko paralelo dagoenean egin behar da kalkulua (ikus
1. irudia).

Eredu
desberdinak filosofia berean oinarrituta
Eguzki-erloju guztiak
filosofia berean oinarrituta badaude ere, mota askotakoak izan daitezke.
Ia eguzki-erloju guztiek bi atal dituzte: bere itzalaren bidez ordua zehazten
duen gnomona edo makila eta itzalaren proiekzioa jasotzen duen eta ordu-lerroak
marrazten dituen koadratea edo gainazala. Koadrantearen kokapenaren arabera,
erloju eredu desberdinak egin daitezke: ekuatoriarrak, gainazala ekuatorearekin
paralelo denean; horizontalak; bertikal meridianoak edo deklinanteak,
hau da, hegoalderantz ipinita dauden ala ez; albokoak, ekialderantz edo
mendebalderantz zuzendutakoak horiek soilik goizeko edo arratseko
orduak ematen dituzte edo iparralderantz zuzendutakoak, udaberrian
eta udan eguneko lehenengo eta azken orduak ematen dituztenak. Usuenak
hegoaldeko hormaren batean ipintzen diren koadrante bertikaleko deklinanteak
dira (ikus 2. irudia).
Arestian esan bezala,
koadrantearen planoa posizio desberdinetan egon daiteke, halaber, desberdinak
izango dira eredu bakoitzak marrazten dituen ordu-lerroak. Horrez gain,
gnomonaren itzala semiesfera edo semizilindro baten barruan ere proiekta
daiteke.
Aipatu ditugunaz gain,
Eguzkiaren altueran oinarritzen diren erlojuak daude. Horiek mugikorrak
dira eta dataren arabera zuzendu egin behar dira. Eredu horretako erlojuen
artean ezagunenak eraztunak, artzain-erlojuak
edo Egipton antzinean erabiltzen zuten L formako erlojua dira (ikus 3.
irudia).
Begira
ari denak kontuan izateko aholkua
Eguzki-erlojuaren
eredua edozein izanda ere, erlojua dagoen tokiko ordu erreala zein den
oso kontuan izan behar da. Tokiko ordu erreala pasa den mendera arte herri
bakoitzean erabiltzen zen denbora-unitatea zen. Gaur egun erabiltzen den
ordu estandarra eta tokiko ordu errealaren artean alde handia egon liteke
zenbait kasutan. Diferentzia hori ondoko hiru faktoreen menpe dago: tokiko
longitude geografikoa Galizia eta Katalunyaren artean 48 minutukoa
da , data eta udako eta neguko ordu aldaketa.
Hiru faktore horiek
zuzendu daitezke jatorrizko ordu-lerro zuzenak lerro sinusoidalekin ordezkatuz
eta zenbakiak, hau da, orduak aldatuz. Zuzenketa horiek ez dira normalean
egiten eta hori dela eta, alde handia izan ohi da eguzki-erloju desberdinek
ematen duten orduen artean.

|