|
Tailandia, Myanma-ko
Batasuna eta Laos-en arteko mugaldea ezaguna da bertan aspaldidanik egin
ohi den opio-salerosketa dela eta. Izan ere, urre- triangelua deritzon
eskualde horretan ekoizten da Europan eta Estatu Batuetan kontsumitzen
den heroinaren erdia.
Hala ere, ezer gutxi
dakigu mendi horietan mendeetan zehar bizi izan diren herriei buruz. Inguru
horiek, oraindik ere elefanteen babesgune diren oihan, jungla itxi eta
ibai urtsuen artean duela hamar urte arte ia ezezagunak genituen nekazari-guneen
kokaleku izan dira.
 |
| 1.
irudia. Kayan herrisken kokapena. |
Aipatutako eskualde
garai horietan hainbat herri aurki dezakegu; mendisketako tribu izenekoak
hain zuzen ere. Etnia horien artean, besteak beste, honako hauek ditugu:
karen, iu, mien, akha, lahu, hmong eta lisu deitutakoak.
Esan beharra dago hauetariko zenbaiten jatorria Tibet eta Txina direla.
Talde bakoitzak bere
bizimodu eta tribu-ezaugarri propioak baditu ere, jirafa emakumeen
herriak sortarazten digu harridurarik handiena, zalantzarik gabe. Izena
ez dagokio emakumeen altuerari (ez baitira metro terdira heltzen);
beren lepoaren tankerari baizik. Inon ikus daitezkeen leporik luzeenak
dituzte bertako emakumeek, urre-koloreko iduneko dotoreen bitartez apaindurik
gainera.
Emakume horien bitxitasunak,
turistentzako ikuskizun bihurtu ditu, eta Birmaniako agintari militarren
aurka duten jarrerak, inguruetako estatuetara babes bila joatera behartu
ditu. Nolakoa da herri hori baina? Nola lortu dituzte horren lepo luzeak?
Kayan
herria
Padung edo
kayan izeneko herria, karen etniaren lau azpitaldeetariko bat dugu.
Karen izena antropologoek aukeratutakoa da, tibetar-birmaniar erroa duten
eta antzerakoak diren hizkuntzak dituzten herriak izendatzeko. Karen etniakoek
ez dute hitz berezirik beren etniako biztanleria osoa izendatzeko, baina
etniaren talde bakoitzaren baitan badute aipaturiko funtzioa betetzen
duen hitz egokia; hizkuntza bakoitzean jendea adierazten duen
hitza, hain zuzen ere. Jirafa emakumeen tribuari dagokionez, aipaturiko
hitza kayan da (fonetika latinoan).
 |
| Kayanen
lepo "eder" bat. 30 cm-ko luzera du eta lepoari eusten dion
idunekoak 24 eraztun eta 5 kg ditu. |
Egun, Birmania eta
Tailandiaren arteko mugan bizi badira ere (ikus 1. irudia), beren jatorria
zein den eta inguru horretan zenbat denbora daramaten ez dakigu. Eskualde
menditsu hori mendikatea handi baten barnean dago. Mendikatea horrek,
Tibeten hasi eta Birmaniako lurraldeetan eta Tailandiako ipar eta mendebaldean
zehar hedaturik dagoenak, 1.000 eta 3.000 metro bitarteko harkaitzezko
hainbat tontor du. Misiolari kristau batek eman zuen kayan herriaren berri
XIX. mendearen hasieran lehen aldiz. Hizkuntzaren ezaugarrien arabera,
iparreko lurraldeetatik, Tibetetik agian, II. eta VII. mendeen artean
joandakoak direla uste da, baina hori ustea baino ez da.
Kayanen herriskak
txikiak dira, ez dituzte hogei etxe baino gehiago izaten, eta etxeak amaren
erroen arabera pilatuta daude. Etxebizitzak zurez eta banbuz eginda daude
eta etxeko zolua lurzolua baino gorago jartzen dute. Halaber, bisitak
hartzeko tokia ere badute; estalita dagoen atari txiki bat, hain zuzen.
Etxearen barnealdean sukaldea duen gela bakarra dute; neskatxa ezkongaien
intimitatea gordetzeko bionboak erabiltzen dituzte. Etxearen alboan edo
azpian kokatu ohi dituzte bihitegiak. Ez dute etxean aldarerik; kristauak
baitira.
Senar-emazteek eta
ezkondu artean etxean bizi diren seme-alabek osatzen dute familia. Sexu-moralari
dagokionez, oso zorrotza dela azpimarratu behar da, eta ezkondu gabeko
emakumeak haurdun geratzen direnean, lehenbailehen ezkontarazten dituzte.
Adulterioa izaten denean, bikote adulteriogileko partaide bat edo biak
herriskatik kanpora bidaltzen dituzte. Dibortzioa nekez lortzen da eta
alargundutako gizonezkoek ez dute berriro ezkontzerik, seme-alabak badituzte
behintzat; etxea eta seme-alabak emakumearen (emaztearen edo bere izpirituaren)
ondasunak baitira.
Senar-emazteak hildakoan,
etxebizitza eta abere txikiak (hegaztiak eta abar) desegin egiten dira.
Hileten iraupena, unean uneko baliabideen araberakoa izaten da eta bertara,
herriskako biztanle guztiak ezezik, hildakoaren senideak ere biltzen dira.
 |
| Herrisketako
etxeak amaren erroen arabera biltzen dira. Etxeak zurez eta banbuz
eginda daude. |
Kayanak bizi direneko
lurra karen etniako gainerako taldekoei dagozkienak baino beherago daude.
Lurraren erabilpena antolatzeko taldeka hartzen dituzte erabakiak eta
arroza, artoa, basartoa, kotoia eta kalabaza dira landutako gaiak. Horretarako,
oihanean, zuhaixka-geruza eta zuhaitzen goiko aldeak soilik suntsitzen
dituzten su txikiak piztuz, soiluneak lortzen dituzte. Prozedura horren
bitartez, lurraren emankortasunak ez du kalterik pairatzen eta uzta bildutakoan
oihana berriro ere gara daiteke. Metodo horrek sedentarismorako joera
ekarri die eta opioa ugari lantzetik aldendu egin ditu. Aipatu beharra
dago kayanek inguruetako beste herrietakoek baino askoz ere heroina gutxiago
ekoizten dutela.
Idunekoaren
jatorria
Kayan herriak badu
zenbait kondaira, emakumeek beren lepoa zergatik luzatzen duten azaltzeko
asmoz. Kondaira horietan zaharrena, Herensugearen istorioa
deritzona dugu eta honelaxe dio:
Antzina, oso
lepo luzea zuen herensugeak haizea maitemindu ondoren, haizeak ernaldu
egin zuen. Lotura horretatik sortu zen lehen kayan gizakia. Harez geroztik,
kayan emakumeek lepoak luzatzen dituzte herensuge amaren itxura hartu
nahian.
Beste kondaira batek,
aldiz, hauxe adierazten du:
 |
| Kayan
herrisketara heltzeko biderik egokiena Pai ibaiari jarraitzea da;
ia ezinezkoa baita jungla itxian barrena ibiltzea. |
Kayan printzesa
batek urrezko zuhaitza zeukan. Birmaniarrak bere lurraldeetara sartu zirenean,
lapurtu egingo ote zioten beldurrak eraginda, zuhaitza lurretik atera
eta lepoaren inguruan ipini zuen. Armada birmaniarrak garaipena lortu
ondoren, printzesari lepoa moztu eta zuhaitza eraman egin zuten. Printzesaren
ohoretan, kayan emakumeek urrezko modeea jantzi zuten.
Egon badaude bestelako
azalpenak ere. Esaterako, pizti handien aurrean idunekoek eman zezaketen
babesa aipatzen duena. Duela mende asko, antza denez, gizonezkoak ehizera
abiatzen zirenean lepoan eraztunak ezartzen zituzten, tigreek irents ez
zitzaten. Emakumeek ere gauza bera egiten zuten, baina arrazoi estetikoak
zirela eta; emakumeen artean, lepo luzeena eta politena lortzeko nolabaiteko
lehia baitzegoen.
Kondairak kondaira,
Txiang Mai Unibertsitateko antropologoen ustez, idunekoek emakumeak antzina
gizonezkoen menpean zeudela adieraz lezakete. Zenbait ikerleren ustetan,
ohaidetasuna saihesteko bidea zatekeen: adulterioa gertatzen zenean, emakumeari
idunekoa kendu egiten zitzaion. Buruak euskarria galdu egiten zuenez eta
erori egiten zenez, emakumea itota hiltzen zen. Beste zenbaiten esanetan,
idunekoak taldeko emakumeak ezagutzeko erabiltzen ziren, kanpotarrek
emakumeok bahi ez zitzaten.
Dena den, eta azalpen
batzuek besteak baino sinesgarriagoak badirudite ere, idunekoa erabiltzearen
zergatia oraindik ere argitu gabe dago.
Idunekoek
sortarazitako ondorioak
 |
| Modee
deritzon lehenengo idunekoa bederatzi urte betetakoan ezartzen da.
Buruari berez eutsi ezin zaionez, idunekoak bizitza guztian eraman
behar dira. |
Kayan emakumeen lepoak,
1 cm-ko lodiera duten letoizko eraztunek osatzen dituzte. Neskatilei,
lehenengo eraztun-sorta bederatzi edo hamar urte dituztenean ezarri ohi
zaie, eta hazten doazen neurrian, urtero beste eraztun bat ipintzen diete
lepoan, neskatxa ezkontzen den arte. Eraztunon ezarpena eta aldaketa herriko
emakume zaharrenek gainbegiratzen dute.
Kayanen ustez, lepo
luzeak edertasunaren adierazle dira. Horregatik zenbat eta luzeagoa, hainbat
eta preziatuagoa. Diogun, adibide gisa, emakume helduek 30 cm-ko lepo
dotorea izan dezaketela, horretarako guztira 5 kg-ko pisua
duen 24 eraztunek osaturiko idunekoa behar dutelarik.
Baina ez da lepoa,
aipaturiko idunekoen kokagune bakarra. Orkatila eta eskumuturretan ere
hainbat eraztun ipintzen dute sarri askotan, zenbait kasutan bernak eta
besagainak estalita utzi arte. Eraztun horien distira gordetzeak eta azaleko
eritasunak sahiesteak lan handia eskatzen du. Emakumeek eraztunak egunero
garbitu eta lehortzen dituzte ardura handiz.
Kayanek bizi guztian
eraman behar dituzte idunekoak; burua ez baita berez mantentzen eta hildakoan
ere, idunekoekin batera lurperatzen dituzte.
Kayan emakumeei begira
gaudela, hauxe da burura datorkigun lehen galdera: nola liteke horren
lepo luzea izatea? Luzaroan uste izan da eraztunek lepondo-ornoak luzatu
egiten zituztela, baina gaur egun badakigu hori gezurra dela eta jirafa
izena ez dela egokia, ikuspuntu anatomikoari dagokionez behintzat.
Idunekoek ez dute
ornoen egitura aldarazten. Beren eraginez, lepauztaiak eta lehen sahietsak
konprimatu egiten dira. Denboraren poderioz, aipaturiko hezur horiek okertu
egiten dira eta ohizko kokagunea baino beherago geratzen dira, eta ondorioz,
sorbaldak desagertu egiten dira (ikus 2. irudia). Hori agertu
zen, hain zuzen ere, National Geographic Society erakundeak zenbait kayan
emakumeri egindako erradiografietan.
Hezurretan izaten
den aldaketa horrek azal dezake lepoan eta sorbaldan dauden eraztunen
diametro desberdinen zergatia. Neskatilen kasuan, idunekoa osatzen duten
eraztun guztiak neurri berekoak badira ere, lepauztaiak okertuz doazen
heinean, beren gainean dauden eraztunen diametroa handiagotu egin behar
da.
Esan bezala, idunekoek
sorbaldan baino eragiten ez badute ere, emakumeak ikusitakoan lepoak luzatu
egin zaizkiela ematen du. Sorbaldaren gaineko eragina ezkutatu eta lepoaren
luzaketa azpimarratu asmoz, kayan emakumeek bizkarraren eta
bularraren goiko aldeak nolabait estaltzen dituzten zapiak erabiltzen
dituzte.
 |
| Emakumeek
erabiltzen duten zapi bereziaren bitartez, lepoa are luzeagoa dela
ematen du. |
Begibistakoa denez,
erabiltzen dituzten idunekoek hainbat arazo sortarazten die gorputzean,
baina zer-nolako eragina dute emakumeen bizimoduan?
Buruaren higidurari
dagokionez, emakumeek badute burua ezker-eskuin biratzeko ahalmen txikia,
baina ezin dute ez aurrera eta ez atzera ere higitu. Zutik daudenean,
oinak ikusi nahi izanez gero, enborra okertu beharrean daude. Eta gorputzaren
beste edozein higidura egitea ere zaila gertatzen da, iduneko eta beso
eta zangoetako eraztunek ematen dieten zurruntasun ikaragarria dela eta.
Esaterako, edozein likido (ura, zopa...) edateko ere, lastotxoak erabiltzea
behar izaten dituzte.
Jirafa emakumeen itxura
hauskorra eta zurruna izan arren, ez diete emakumeek beren eginbeharrei
muzin egiten eta alorrean nahiz etxean lanean ikus ditzakegu.
Etorkizuna
Tailandiako mugaldean
dauden Birmaniako lurraldeak karen etniaren esku egon dira mendeetan zehar
(ikus 1. irudia). Karen eta kayan estatuak independenteak izan ziren britainiarren
agintaldia 1886an hasi zen arte. Berau 1948an amaitutakoan, Birmanian
estatu federala gauzatu zen, baina birmaniarrek boterea oso-osorik bereganatu
zutela eta, karen taldekoek armak hartu zituzten beren lurraldea defendatzeko.
Harez geroztik beren independentziaren aldeko borrokan ihardun dute. Egun,
kayanak eta karen etniako gainerako taldeak ere Myanmako gobernu militarraren
(S.L.O.R.C.) erasoa pairatzen ari dira eta aipaturiko herri horiek ikasle-
eta gerrilari-taldeei laguntza handia ematen diete.
Birmaniako armadak
ez die kayanei beren lurrak lantzen uzten eta beren herrietatik bota egiten
ditu. Melvin J. Wang, NBEk bertara bidalitako begiralea, karen eta kayanekin
bizi izan da azken urteotan eta argi eta garbi eman du aditzera mendebaldeak
zein ekialdeak ahaztua duten herri honen egoera kaskarra: Elikadurari
loturiko arazoak direla eta, malaria etengabe hedatuz doa herrietan. Egun
askotan jendeak kikara bat arroz ere ez du jateko. Haurrak dira kaltetuenak,
ez dago medikurik, ez irakaslerik... Gizonezkoak, armadak eramaten ditu
gidari- eta haxelari-lanetan ihardun dezaten, edo bestela hil egiten dituzte.
Egoera horren ondorioz,
inguruetako estatuetarako migrazioa (batez ere Tailandiaranzkoa) emendatuz
doa etengabe. Azken datuen arabera, 300 kayan baino gehiago bizi dira
Tailandian, Nupa-ah eta Nam Pin Den herrietan bilduta. Horietariko hogeita
hamar edo, jirafa emakumeak dira. Aipatu beharra dago Tailandiako
gobernuak uzten dizkiela lurraldeak karen etniako errefuxiatuei, bertan
gera daitezen.
Turismoaren gorakadaren
ondorioz, kayan emakumeak diru-iturri garrantzitsu bihurtu dira bizi direneko
herrisketarako, eta baita gerrilarien ekintzetarako laguntza eskerga ere.
Nahiz eta egoera horretan emakume lepaluzeek giza zoo bateko
partaide iruditu, zoritxarrez bizirauteko duten bidea baino ez da.
Kayan emakumeen lepo
luzeak desagertuz joango dira zalantzarik gabe; herri hori gero eta industrialagoa
eta modernoagoa den Tailandiako gizartera moldatu nahian baitabil. Hala
ere, lehen modeea ezarrita duten neskatilak ikus daitezke oraindik ere
urrutiko zenbait tokitan.
 |
| 2.
irudia. Idunekoek lepauztaien eta sahietsen gaineko presioa sortaraziz
beherantz bultzatzen dituzte. Ondorioz, sorbaldak okertu egiten dira. |
|