|
Txipak telefonoen,
ordenagailuen eta etxetresna elektriko askoren ezinbesteko osagaia dira,
eta argi dago beharrezkoak bihurtu direla eguneroko bizimoduan. Baina
txip bakar bat egiteko zenbat material behar den ikusita, nabarmena da
ez direla batere onuragarriak ingurumenarentzat. Izan ere, 2 g inguru
pisatzen duen txip arrunt bat egiteko, 1,6 kg erregai fosil, 72 g gai
kimiko eta 32 kg ur behar dira.
Ikerketa Tokioko Nazio
Batuen Unibertsitatean egin dute, Nazio Batuen Ingurumen Programari buruzko
txostenetik, AEBetako Mikroelektronika eta Ordenagailuen Teknologiaren
Korporaziotik eta gai elektronikoen enpresa anonimo batetik hartutako
datuekin.
Txipak
egiteko lehengaia silizio dioxidoa da, normalean harea. Ikertzaileek silizio
dioxidozko hareaz 32 MB-eko memoria duen mikrotxipa egiteko erabiltzen
diren gai kimiko guztiak batu dituzte, baita erregai fosila ere, eta,
hasteko, silizio arrunta lortzeko behar den energia baino 160 aldiz energia
gehiago behar da txipak egiteko aproposa den silizioa lortzeko. Hala,
pauso horretan gastatzen da txipa egiteko erabiltzen den energiaren erdia.
Nonbait, txipak egiteko
hainbeste material behar izateko arrazoiak bi dira batez ere: batetik,
oso txikiak dira eta, bestetik, egiteko prozesuak oso zehatza izan behar
du. Hori dela eta, txip bat egitean, pisatzen duena baino 600 aldiz material
gehiago kontsumitzen da. Auto bat egiteko, berriz, autoaren pisuaren bi
halako erregai besterik ez da behar.
Ikertzaileen esanean,
jakina da txipak egiteko erabiltzen diren hainbat materialek ingurumena
kaltetzen dutela, adibidez PCBak. Alabaina, ikerketa gutxi egin dira txipak
egiteko kontsumitzen diren eta poluitzen ez duten gaiei buruz, ura esaterako.
Eta horiek ere badute eragina ingurumenean. Beraz, lehengai gutxiago erabiltzeko
ahalegina egin beharko litzatekeela uste dute ikertzaileek, ingurumenaren
mesedetan.
|