}

Bale arrantzaleak

1991/07/01 Egaña Goia, Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria

GURE Herri honen tradiziozko lanbide bat, bere kokapena kontutan hartzen badugu behintzat, itsasoratu eta halabeharrez arrantza egitea izan da.
1546ko Pierre Desceliers-ek egindako maparen xehetasuna: Bertan B. de Seria leku-izena ikus daiteke.

GURE Herri honen tradiziozko lanbide bat, bere kokapena kontutan hartzen badugu behintzat, itsasoratu eta halabeharrez arrantza egitea izan da. Mendetan zehar, bada, ibili dira ekintza honetan eta aldi berean itsasoaz baliatuz (garraiabide azkar eta merkea bait zen) merkataritzan ere aritu ziren gure aurrekoak. Denbora igaro ahala ahazturik geratzen dira gure arrantzaleek eta itsasgizonek egindako hainbat eta hainbat ekintza.

Jakin badakigu itsas abentura gure arbasoek oso goiz hasi zutela; baita honekin batera untzigintza eta baleak ehizatzeko teknikak ere egokitu egin zituztela. Izan ere, XVII. menderarte nagusi izan ziren euskal bale arrantzaleak Europako beste Herriekin konparatuta, abere hau harrapatu eta etekinak eskuratzen.

Badirudi EUBALAENA GLACIALIS edo Balaena biscayensis azpiespeziea zela gure itsas ertzean XIV. eta XV. menderarte harrapatu ohi zutena. Garai horretan bale kopurua murrizteak edo, bultzatu omen zituen Atlantiar ozeanoa zeharkatu eta Ternuako ur hotzetara abiatzera.

Izan du eta badu Balea abereak beste euskal izen jatorragoa, mailegua ez dena alegia, itsasertzeko herrietan. Orain dela lau bat urte zeria, seria, seroie, seri etab. hitzak jaso ahal izan genituen Hondarribiatik hasi eta Bermeo bitartean. Ez genuen antzekorik aurkitu, aldiz, Lapurdiko kostan. Lekeition honela esan zidan arrantzale zahar batek: serí eta balea bat ‘ok, eta nabarmena da Hondarribian ZERIA 1575 inskripzioa daraman etxea, Marina auzo delakoan. Ez da, baina, hemen bakarrik gelditu izen hau.

Chateau Bay, Labrador. Horrelako izotzak aurkitu bide zituzten gure arbasoek, beren untziak arriskuan jarriz.

DESCELIERS mapagile ospetsuak, bere 1546ko Ameriketako mapan B. de Seria izeneko leku bat azaltzen du gaur egungo Labradorreko kostan. Beste horrenbeste egin zuten N. VALLARDek 1547an egindako Iparrameriketako mapan; baita 1576.eko F. VAZ DOURADOri leporatzen zaion portugaldar mapa anonimoan ere. J. VAZ DEUTECUMek 1594ean edo egin zuen mapa-portulanoan ere agertzen da izen hau gutxi gorabehera aurrekoek emandako lekuan. Azken hiru mapa hauek b. de serra ematen dute eta ez B. de seria lehenbizikoak dioen bezala, baina hori ez da harrigarria gure leku-izen, abizen, izenak etab. gaur ere zein desitxuratuak agertzen diren kontutan hartzen badugu.

Arazo honetan bada alabaina, puntu harrigarri bat: dokumentuan ez da horrelako leku-izenik aipatzen, eta ez da agertzen ez HOYARSABALen arruta-liburuan, ezta DETCHEVERRIrenean ere.

Zeintzuk dira bada bi idazleok?. Oso gutxi dakigu bi liburu bikain utzi ziguten idazle hauetaz eta maiz ahaztu egin ditu gure Herriak, liburu teknikoak utzi dizkigutelako.

Red Bay, Labrador. Aurrekaldean teila-piloak eta bigarren untziaren azpian aurkitzen da San Juan 1565.eko euskal untzia.

Ezaguna da euskaldunak praktikoak izan direla eta praktikotasun horrek bultzatu zuen seguru asko OIARZABAL kapitaina itsasoan ibiltzeko arruta edo gida-liburu bat idaztera. Tamalez Les voyages aventureux du Capitaine Martin de Hoyarsal, habitant du çubiburu izeneko liburua frantsesez idatzirik utzi zigun, nahiz eta inprimatzaileak idazlea ez zela frantsesa esan; euskalduna baizik. Bere aztarnak bilatu nahian, Oiartzunen gaur egun Oiartzabal baserria zutik dela oraindik jakin dugu. Baita 1579an ere bazela; gure kapitainaren garaian alegia.

Beste liburua, Piarres DETCHEVERRY delakoak honela izendatu zuen: Libvrv hau da Ixasoco Nabigacionecoa, Martin de Hoyarzabalec egiña Francezes. Eta Piarres Detcheverry, edo Dorrec escararat emana, eta cerbait guehiago abançatuba. Bordelen 1677. Argi esaten du bada Detxeberrik bere aurrekoak baino gehiago ematen duela.

Puntu hau ez da beti kontutan hartu gure literatur arazoak aztertzean; ez bait dute zalantzarik jarri. J. VINSONetik hasi eta jarraian beste gainerakoek itzulpena besterik ez dela adieraziz. Bi liburuak parekatuz, hori horrela ez dela berehala igartzen da. Guk aztertu ditugun zatiak, Euskal Herriko itsasertza eta Ternuakoa izan dira. Badira antzeko (berdinak ez esatearren) deskribapenak, baina badira aldi berean, batean agertu eta bestean ez eta alderantziz gertatzen diren pasadizoak. Aipagarria da, besteak beste, Ternuako mendebaldeko kasua. Oiarzabalek ez du batere aipatzen.

Red Bay, Labrador. Saddle Island-eko hilerria.

Badirudi gaurko Port aux Basques delakoaren mendebaldean ez zegoela ezer OIARZABALen garaian; ez bait da ia izenik agertzen XVI. mendean inolako mapetan: ez portugesek egindakoetan, ez espainoletan, ezta italiar edo holandesenetan ere. Alderantziz gertatzen da ordea DETXEBERRIren liburuan. Horren ederki, hain zehatz deskribatzen du mendebaldeko kosta hau, non erraza bait da gaur egungo mapa batez kosta guztiari jarraitzea.

Horrek, euskaldunek mendebaldeko kosta hau oso ondo ezagutzen zutela esan nahi du eta behar bada beren arrantzalekutzat, beraiek bakarrik baliatzeko ezkutuan mantendu nahian edo, ez zuten XVII. menderarte kosta honen berri eman nahi izan. Badira dokumentuak zeintzuetan euskaldunek aspaldidanik Ternuako sekretua bazekitela eta ixilean gordea zutela esaten bait da. Horretaz gain ezaguna da XVIII. menderarte kosta honi La côte des Basques deitzen zitzaiola.

Lehen aipatu dugu euskaldunak praktikoak zirela eta horri buruz hitz bi esan nahi ditut. Alde batetik gure bi kapitainek utzitako liburuak, batez ere OIARZABALek idatzitakoak, ez du antzekorik bere garaian idatzitakoekin. Jean ALPHONSE famatuarena irakurtzeko aukera izan dut eta askoz ere zehatzagoa da gure kapitaina, aurrean jartzen zaizkion guztiak frantseseratzen baditu ere, hala nola Senct Sebastien, Figuier etab. Liburu hau XVIII.ean saltzen omen zen La Rochelle-n.

Gaur egun ere bakailaotara irteten dira bertako arrantzaleak, motora txikitan.

Oso ikerlari gutxik hartu du kontutan OIARZABALen obra. Beste horrenbeste gertatzen da Detxeberrirekin. Bere liburua ez du ia inork irakurri eta, noski, oinarrizko bibliografian itsas gaiekin loturiko ikerketetan ez da agertzen. Zer esanik ez, Ameriketako kasuan ezinbestekoak lirateke, baina badirudi inork ez dituela ezagutzen. Dena den, badira salbuespen batzuk. PROWSE eta HARRISSE ikerlariek mendearen hasieran ezagutu zituzten nonbait DETXEBERRIk egindako mapak.

Teknikarekin jarraituz, Kanadako ikerlariek esandakoaren aurrean ezin gara isildu. Ezaguna da 1977an Labradorreko gaurko Red Bay izeneko lekuan urazpian euskaldunen baleuntzi bat aurkitu eta ikerketa sakonak egiten ari direla; bai urpean, bai lehorrean. Untziaren azterketa egin eta gero, badirudi San Juan untzia izan daitekeela; 1565ean urperatua. Ikerlarien ustetan aurrerapen handiak zituen untzi horrek, bere garaikoekin parekatuz; Holandan edo Ingalaterran egiten zirenekin parekatuz alegia.

XVI. mendean, bada, indar handia izan bide zuen euskal merkatalgoak. Alde batetik untzigintza kontrolatzen zuen eta bale arrantzaren ondorioz bale koipearen edo saina ren merkatua ere beraiek kontrolatzen zuten; esan bait dugu arrantza-arazoetan nagusi zirela. Zerk bereizten zituen gure baleazaleak besteengandik? Euskaldunek asmatutako teknika, bale bila txalupan joan eta soka luze bati lotutako arpoi batez harrapatzea zen. Hori ez zuen beste inork egiten Europan garai hartan; XVI eta XVII. mendeetan esan nahi dugu.

Red Bay, Labrador. Saddle Island-eko indusketetan teila ugari eta saina urtzeko erabiltzen zituzten labeak agertu dira.

Balea hil ondoren azaleratu egiten da eta erraz garraia daiteke lehorrera. Gure arrantzaleek leku bereziak aukeratzen zituzten ondoren deskribatuko ditugun ekintzak burutzeko. Ez ziren lehorrean, kontinentean, egoten; irletan baizik. Hain ugari diren badia aurreko irletan ezartzen zituzten labeak. Bertan balea txikitu eta ondoren kobrezko pertz handi batzuetan egosi eta urtu erazten zuten saina. Gero haritzezko upeletara sartu eta untzia betetakoan etxeratu egiten ziren abenduan edo, orduko historialariek dioten bezala, leku askotan beren merkantzia saldu eta gero.

Oso gauza gutxi gelditu zaigu gure artean hain garrantzi handiko merkataritzaren ondoren. Dena den, ia kostaldeko herri guztiek daukate beren armarrian edo zigiluan ekintza honen aurkezpena; ia denek bait dute untzia (Donostia edo Zumaiakoan adibidez) edo balea (hala nola Miarritzek, Hondarribiak, Getaria biek, Bermeok edo Lekeitiok, batzuk aipatzearren).

Kanadan berriz, zenbait leku-izen, hilarri eta urperatutako untzi eta lehorrean utzitako labe, teila, zeramika eta gorputz lurperatu heldu zaigu gaur arte.

Loiolatarren dorrea, Azpeitia. Etxearen azken konponketan azaldu da grafiti moduko untzi-irudi hau. San Inazioaren garaikoa izan omen daiteke.

Gure azterketa hizkuntzaren ikuspuntutik egin dugu eta horretarako oinarritzat lehen aipaturiko itsas giroko liburuak hartu ditugu eta orduan egindako mapak ere aztertu ditugu. Argi agertzen da euskaldunak Ternuara lanera joan eta itzultzen zirela. Inoren menpe ez eta, beren kabuz egiten zituzten joan-etorriak eta ez zuten inoiz izan lurralde haiek berenganatzeko asmorik. Izan zituzten, bai, bertakoekin harremanak (batzuetan onak, besteetan ez), baina Lope de ISASTI XVII. mendeko historialariak esandakoak ongi adierazten digu bere garaian erlazio haiek nolakoak ziren. Euskaldunek irakatsi omen zieten indiar eta eskimalei (inuit-ei) honela agur esaten: Zer moduz? –Apaizak hobeto.

HARRISSE, H. ikerlariak dioenez oso harreman onak zituzten euskaldunek eta kanadarrek. Pierre de LANCREk 1613an zioenez:

... les Basques y trafiquoient si bien que les Canadois ne traictient parmy les François en autre langage qu’en celle des Basques.

Oso gauza gutxi geratu da, bada, gaur egun arte lurralde haietan. Oso ezaguna izan arren, ezin alde batera utzi orein hitza bere egin eta oregnal itxurapean gaur arte dirauela, eta alce izendatzeko, izen arrunt bihurtu da Quebec-eko frantseseran. Guk hurbiletik aztertu ditugun leku-izenetan, bat izen arrunt bihurturik mantendu dela gaur arte ikusi dugu; bai frantses itxuran, bai ingeles itxuran. Itsas ertzeko edonork badaki barra (hondar-pilaketa) zer den eta barratxoa zer den ere bai; barra txikia, alegia.

Hondarribiako armarria, elizaren horman. Ezkerreko behekaldean argi ikusten da arpoiaz zauritutako zeria.

Izen hau arrunt bihurturik bi era desberdinetan agertzen zaigu: Barachoix frantsesek hartutako lurraldeetan eta Barrasway ingelesek hartutakoetan. Hauetaz gain, eta guk aztertutako itsas liburu biak hain aberatsak izanik (bien artean 60 bat euskal leku-izen batu bait daitezke), gutxi batzuk baino ez zaizkigu heldu gaur arte. Alde batera laga nahi ditugu gure erreferentzia egiten duten izenak, hala nola port aux Basques, Echaffaud aux Basques, Ile aux Basques, Biscay Bay etab. eta euskararekin lotura hertsiagoa dutenak ikusiko ditugu.

Gaur arte mantendu da Placentia , Bizkaian dagoen Plentziaren parekoa edo izan daitekeelarik: Burin, Buru ren aldaki bat izan daiteke. DETXEBERRIk maiz erabiltzen du buru hitza itsasoan barrena aurreratzen den lehorreko muturra izendatzeko.

Opor portu

gaurko Port au Port da eta inguruan dituen hainbat arrada, mutur eta abarretan kontutan hartu behar dugu Oppor, Ophor hitzaren esanahia. Donibane Lohitzunekoa zen (kosta aldekoa beraz) Pierre d’URTEren arabera, zurez egindako untzi-mota da. Gure Opor portu , untziak zeudekeen portua litzateke bada. Gaur egun ez dauka inongo esplikaziorik Port au port izenak eta behar bada metatesi baten bitartez frantseseratu egin zuten.

Detxeberrik aipatzen duen Baya Ederra zalantzarik gabe gaurko Bonnea Bay da; mendebaldeko erdialdean dagoena.

Gure idazleak bere Manual nabigacionecoan Aingura charreco portua bezala eman zuena, Anngurachar bezala ematen du idazle berak egindako mapa batean 1689an, eta Aingurachar Donibane Lohitzunekoa zen Denis de ROTISek egin zuen mapan 1674ean. Gaur egun Ingornachoix Bay bezala ezagutzen da. Leku-izen hau beste batzuen antzera tratatu dela dirudi. -txar eta -txoa amaierek bat balira bezala funtzionatu dutela dirudi; gaur egun kasu bietan -choix agertzen bait da. Hemen frantsesaren eragina ikusi behar dela iruditzen zaigu; -oa, -ua diptongoa frantsesaren -oir en parekoa bait da.

Bermeoko Udaletxeko armarria. Gure Herriko itsas ertzeko ia herri guztietan agertzen dira baleak eta untziak.

Luze joko liguke banan-banan hirurogei leku-izen baino gehiago aztertzeak eta nabarmenenak aipatu besterik ez ditugu egingo. Ferrol çahar, gaur Old Ferrol itzulpen argiaz agertzen den leku honek izan du baina, beste izen bat: Etchaire Portu alegia. Toki honi, diotenez, donostiar batek deskubritu eta bere izena eman omen zion. Dena den, RSBAPeko 1777.eko Batzar Nagusietako aktetan agertzen da izen hau. Oso bitxia da DETXEBERRIk dioena: Ferrol Caharrerat edo Españolec deitcen dute Etchaire Portu... Dudarik ez dugu espainol horiek hegoaldeko euskaldunak zirela. Bestela balitz, puerto beharko luke (diptongo batez) eta gainera Etxaire abizenak ez du zalantzarik.

Aipatu besterik ez ditugu egingo Ternuaren ipar-mendebaldeko kosta amaitu arte agertzen direnak: Amuix, Anton Portu, Buruarrassoa, Miariz. Horietako zenbaitek Hondarribiako Amuits edo Lapurdiko Miarritze herri xarmanta gogorarazten digute.

Lekuen deskribapenek eta euskal izenen ugaritasunak kostako eremu hau euskaldunek bakarrik erabiltzen zutela adierazten digute eta horregatik ez da europar mapagileek egindako karta, mapa eta portulanoetan izenik agertzen.

Belle Isle-ko itsasartea ere arrantzale haiek oso gogokoa zutela dirudi, gaur arte geratutako aztarnengatik eta aipatutako itsas liburuetan agertzen diren leku-izenengatik. Izen hauek oso ongi adierazten digute itsas gizon haien ekintza: baleak harrapatzea alegia. Horregatik agertzen zaizkigu Balea Portu, Balea Baya, Baleetaco Baya, Labeac... Gaur egun ez dugu izenen aztarnarik aurkitzen, baina bai teilak, zeramika eta ontziak urpean eta lurperatutakoen hainbat eta hainbat gorputz. Guzti hau aztertzen ari dira duela hamalau bat urtez geroztik Parcs Canada-ko ikerlariak. Ikerketak laster burutuko dituztela eta gure historiaren zati bat argituko digutela espero dezagun.

Red Bay, Labrador. Baleak igeri egiteko hegal-eskua. Horren neurriko baleak ehizatzen zituzten baleazaleek.

Azken arazoa ekarri nahi dut hona orain: batzuek aipatu eta orain arte inork serioski hartu ez duena. Mendearen hasierako ikerlarietako batzuek, mapagintzan euskal talde bat bazela aipatu zuten; Ternuari dagokion mapagintzan, noski. Hori esaten dute PROWSE eta HARRISSE jakintsuek, Ternuako arazoa ikertzean.

Geroztik eta 1984erarte ez du ia inork arazo hau kontutan hartu. Guri erabat interesgarria iruditu zaigu; ez bait da erraza horrenbeste froga batera topatzea. Alde batetik bi itsas liburuak eta bestetik euskaldunek egindako Ternuako lau mapa: DETXEBERRIk liburuaz gain bi mapa utzi zizkigun (1689an Plasentçan eginak), Denis de ROTISek mapa bat utzi zigun (Donibane Lohitzunen 1674ean egina) eta 1713koa edo da berriki Kanadako Artxibo Nazionalek erositako mapa fait chez Hiribarren a Sent Ian de Luz. Bazegoen, bada, mapak egiteko ohitura: baita egiten zituen etxe bat ere Donibanen. Ekintza honetan ez ziren euskaldunak bakarrik aritu. Bai inguru itxuraz, bai leku-izenez, antzeko beste zazpi topatu ditugu gutxienez. Batzuk anonimoak dira, baina beste batzuek badute jabea, hala nola CHAVITEAU 1698, DE COURCELLE 1675 edo DE COUAGNE 1711.

San Juan, 1565, izan daitekeen untziaren maketa. Parks Canada. Ottawa.

Guzti honek kontsiderazio batera eraman gaitu: euskaldunek egindako mapak teknika aldetik kalitate onekoak ziren eta ez edozein modutara egindakoak. Lehen aipaturiko Les Portulans obran DETXEBERRIk egindako mapa COOKek bakarrik gainditzen duela esaten zaigu. Honekin loturik, Donibanen kokaturik Euskal Kartografoen Eskola bat egon zela pentsa genezake, Donibanekoa da eta emaitza-kopururik handiena eman duena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia